“Orain, herriko emakume guztiok egiten dugu lan ortuan, eta bertako ekoizpena autokontsumora bideratzen dugu”
30 urte, haur bat.
Gatty Gninguen bizi da
“Lehen, goizaldeko 04:00etan altxatu behar izaten genuen ur bila joateko: oso iturri gutxi zeuden eta ilara luzeak sortzen ziren. Hori guztia, baina, amaitu egin da putzua dugunetik, FADECi eta Nazioarteko Elkartasunari esker.
Putzua eraikitzeaz gain, ortua egiteko behar genuen guztia eman digute. Lehen, ia ez genuen lanik egiten etxetik kanpo, baina orain bai. Orain, herriko emakume guztiok egiten dugu lan ortuan. Ekoizpenaren kasik % 100 autokontsumora bideratuta dago.
Plantazioak ureztatzera joatea tokatzen zaidanean, neure burua atondu, eta landara joaten naiz. Lana zail samarra da, baina ez oso gogorra, ureztagailuekin ureztatzen dugulako; ez zaigu axola, ortua edukitzea gure aspaldiko nahia baitzen.
Mintegiak egiten, landatzen… ikasi dugu, prozesu osoa. Dagoeneko landatuta ditugu piperrak eta hainbat fruta-arbola: mangondoak, laranjondoak, limoiondoak, guanabanoak, papaiak… Hori guztia ari gara landatzen!
Egun batzuetan hotz handia egiten du, beste batzuetan bero sapa. Bero-mota horrek ahituta uzten zaitu. Beroak pertsonei zein landareei eragiten die; horregatik, urtaro hotza nahiago dugu landatzeko. Garai horretan, izurrite gutxiago egoten da eta zomorroek kalte gutxiago egiten dute.”
“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, Senegalgo emakumeen zeregina, nekazaritzan, iraupen-ekonomia hutsera mugatu izan da denbora luzez, eta ekoizpen-bideetan (lurra, kredituak edo sargaiak) oso presentzia txikia izan dute. Haien nekazaritza-zereginak bigarren mailan daude: ikusezinak dira ia, beren gainerako eginkizunak bezalaxe: etxeko zereginak edo zaintza-lanak, adibidez. Senegalgo emakumezkoen ekoizpen-jarduera gehienak, arlo horretan, lur erdi-idorretan gertatzen dira, eta, beraz, muturreko klima-egoerako baldintzak jasaten dituzte, klima-aldaketari lotuak: euriteen erregulartasunik eza, uholdeak, lehorteak, izugarrizko tenperaturak edo haizete bortitzak. Klima-hondamendiek, gainera, lantokietara joatea zailtzen dute; hala, joan-etorriak mugatu egiten dira, eta andreek beren osotasun fisikoaren kontrako zuzeneko arriskuak pairatzen dituzte.
Klima-aldaketaren ondorioek, hortaz, emakumezkoak beren familientzako iraupenerako baliabideak (ura, sukalderako egurra, janaria eta diru-sarrera osagarriak) lortzen denbora gehiago ematera behartzen dituzte. Zenbaitetan, neskatilek ere lagundu behar izaten dute zeregin horietan, eta horrek zuzeneko eragina izaten du haien hezkuntzarako eskubidean eta bizi-aukeretan. Hala, neskatoen eskola-uztea oso handia da Bigarren Hezkuntzan (mutilena baino askozaz handiagoa), batez ere landa-inguruneetan.
Zenbat eta distantzia luzeagoak egin behar izan ur edo agur bila joateko —tenperatura altuetan; beraz, egoera zailagoan eta osasunerako modu kaltegarrian—, orduan eta handiagoak arriskuak, eta gertatu izan dira indarkeriazko erasoak edo bortxaketak. Lan-gainkarga hori nondik dator? Bada, premia larri honetatik: urtaro hotzeko nekazaritza tradizionalak askoz etekin gutxiago ematen duenez, egun, klima-aldaketaren ondorioz, bertako biztanleek bestelako bideak topatu behar dituzte etxeko baliabideen murrizketa gogorra konpentsatzeko.