“Orain, badakigunez irakurtzen eta idazten, haziak prozesatzeko biltegia kudea dezakegu”
45 urte, 5 seme-alaba.
Keur Sidy Mbenguen bizi da
“Lehen, eguna zerealari morteroaz azala kentzen hasten genuen; ondoren, garauak bereizi, garbitu eta berriro ehotzen ziren. Orain, baditugu makina batzuk denbora, esfortzua eta distantzia aurrezten laguntzen digutenak, semola, irina, kuskusa edo beste zerbait eginda ere.
Gainera, wolof hizkuntzan alfabetatu gaituzte. Orain, gutako bakoitzak badaki bere telefonoa erabiltzen, dei bat egiten edo mezu bat idazten. Prozesatze-biltegia irekitzeaz gain, mantentze-lanetan eta kontabilitate-kudeaketan ere trebatu gaituzte.”
“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, landa-eremuko emakume eta neskek (eskolatze-tasa txikiak dituztenak) pairatzen dituzte gehien klima-aldaketaren ondorioak.
Testuinguru horretan, andrazkoek alfabetatzea beren burua ahalduntzeko bitartekotzat jotzen dute, negozio-ekimen txikiak eta aurrezte kolektiborako ekimenak kudeatzeko balio dielako. Gainera, gizarte-proiekzioa sendotzeaz gain, gaitasun handiagoa ematen die jendaurrean hitz egiteko eta lan-sareak sortzeko, hala komunitatearen barruan nola bertatik kanpo (NESI: 24).
Bestalde, makineria ekartzeak eta bai zerealen bai beste lehengai batzuen prozesamendua mekanizatzeak (kafearen kasuan, adibidez) emakumezkoen zeregin batzuen pisua arindu dute. Hala eta guztiz ere, haien esku daude oraindik ere familiako beste kide batzuk zaintzeko ardura eta etxeko diru-sarrerak osatzeko jarduera ekonomiko paraleloak (NESI: 25).