“Aurrezteko produktu berria sortu dugu, ‘Erresilientzia-aurrezkia’, klima-aldaketara egokitzeko”
Mikrofinantzaketarako MEC FADEC NJAMBUR erakundeko zuzendaria
“Klima-aldaketak guztioi eragiten digu, batez ere nekazaritza-denboraldian. Horregatik ari gara egokitzeko ahalegina egiten, eta, horretarako, aurrezteko produktu berria sortu dugu:‘Erresilientzia-aurrezkia’.
Hala, egunero kopuru txikiak biltzen dira, emakumeek edozein unetan sor dakizkiekeen ezustekoei aurre egin ahal izateko.
Iazko uztaldiak ederki ilustratzen du esaten ari naizena, jendeak ia ez baitzuen uztarik bildu. Eta ez baduzu bizirik irautea ahalbidetuko dizun ezer, lur jota egon zaitezke, eta egundoko gizarte-gatazkak sor daitezke familian eta umeei eskaintzen diezun denborari dagokionez.
Ahalegina egiten dugu, behintzat, hipererresilientzia txiki honek zerbait edukitzeko aukera eman diezaien, ustekaberen bat gertatuz gero bizirik iraun dezaten.”
“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, kalitatezko finantza-produktu eta -zerbitzuen eskuragarritasuna eta erabilera handitzea funtsezkoa da hazkunde ekonomiko inklusiboa eta pobreziaren murrizketa lortzeko. Finantza-zerbitzu formalak eskuratzeko ahalmenean azken urteotan aurrera egin bada ere, oraindik ere arrakala handia dago gizonen ahalmenaren eta emakumeenaren artean.
Andrazkoek finantza-zerbitzuak eskuratzeko orduan badago beste zailtasun bat ere, zeinak, era berean, garbi erakusten duen zerbitzuok eskuratzeko ahalmen horrek zer-nolako garrantzia duen diru-sarrerak sortzeko jarduerak egin eta inbertsio- eta aurrezki-zirkulua elikatu ahal izateko. Finantza-ezagutzarik eta -prestakuntzarik eza, eta emakumeek zenbait zerbitzu eskuratzeko eta gizarte-ordezkaritza izateko duten zailtasun gehigarria dira kreditua eta mikrokreditua lortzeko ezintasunarekin lotutako faktore nagusiak. Finantza-inklusioak, gainera, emantzipazio handiagoa ahalbidetzen du erabakiak hartzeko orduan eta andreen senarrekiko mendekotasunari dagokionez; eta hala erresistentzia kultural jakin batzuk nola gizonekin eta andreekin lotutako zenbait rol tradizional pixkanaka baliogabetzen lagun lezake.
Ildo horretan, azterlanean inplikatutako pertsonek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte ekintza kolektiboaren abantailak. Ezagutza hori oso egokia da klima-aldaketaren aurkako borrokaren esparruan, emakumeen autonomian eta haien oinarrizko eskubideetan eragin negatiboa duten egiturazko dinamikak bizkortzen eta areagotzen baititu. Bildutako informazioa kontuan hartuta, tokiko komunitateetako elkarte-sarearen inguruko gizarte-kohesioko dinamikak andrazkoek gauzatzen dituzte, nagusiki. Tontina-sistema (aurrezki kolektiborako eta krediturako sistema asoziatibo eta txandakakoa) aurrezteko/inbertitzeko mekanismoen arteko hedatuena da; aspalditik erabiltzen ari da, eta andreak sendotzeko eta ahalduntzeko ekintzak susta litzake, baita finantza-inklusioa areagotzekoak ere1.
Duela zenbait urtetatik, Herrixketako Aurrezki eta Kreditu Elkarteen (AVEC) sistema nabarmen hedatzen ari da, emakumeen ahalduntze ekonomikoa sendotzeko helburuz, halaber. Kideek elkarri laguntzen diote diru-sarrerak aurrezten, maileguak jasotzen, eguneroko bizimoduko beharrak asetzen eta emakume enpresari bihurtzen. Orobat, gizarte- eta komunitate-rola eta emakumezko gizarte-buruzagien (auzoko amabitxiak: badienougokh, wolof hizkuntzan) zeregina nabarmendu behar dira: sentsibilizaziorako eragile oso garrantzitsuak dira, gatazketako bitartekaritzari, elikadurari eta elikadura-segurtasunari, genero-indarkeriari edo klima-aldaketarekin lotutako gaiei buruzko informazioa ematen baitute; Kébémerreko Emakume Aktibisten Sareak, kasu.
1Banku-sistematik kanpo egoteak ia hil ala biziko garrantzia ematen dio tontina-sistemari Afrikan eta planetako beste eremu batzuetan. Aurrezki kolektiborako eta krediturako sistema asoziatibo eta txandakakoa da.